
2005-10-26 | 20:37:24
Udal Gobernua pozik, Egiako gaztetxea hustu dutelako
Baga Boga plataformak gogor kritikatu du alkatearen eta Ertzaintzaren jarrera
Jorge Letamendia Hirigintza zinegotziak gaur goizean adierazi duenez, Amets-Enea gaztetxea hustu izana albiste ona da auzorentzat, aparkalekuak eta osasun-etxea egitea baimenduko duelako.
Jorge Letamendiak ontzat jo du Egiako gaztetxea hustu izana, Iruresoroko Plan Berezia desblokeatzea ekarriko duelako. Letamendiak azaldutakoaren arabera, plan honek aparkalekuak eta Osakidetzaren osasun-etxea egitea ekarriko die auzotarrei.
Hain zuzen, osasun-etxea gaztetxea dagoen tokian egin nahi dute. Osasun-etxeak 1.235 metro karratu hartuko lituzke, eta gainean, salmenta librean eskaintzeko 12 etxebizitza egingo lituzkete. Atzealdean, hiru solairuko aparkalekua egingo lukete.
Gogoan izan Egiako Gazte Asanblada osasun-etxea eraikinean egitearen alde agertu dela. Hori bai, osasun-etxeak duina izan beharko duela adierazi du, azpegitura berria sotoan egin nahi dutelako eta hori Gazte Asanbladaren ustez, ez delako duina; iritzi bera du Egia Bizirik auzo elkarteak. Horrez gainera, salmenta libreko etxebizitzak egitea gaitzetsi du Egiako Gazte Asanbladak.
Baga Boga plataformak, bere aldetik, gogor salatu du alkatearen eta Ertzaintzaren jarrera. Horrez gainera, dei egin die gazte guztiei borrokan jarraitzera eta antolakuntza propioa garatzera. "Bide horretan gure laguntza, bultzada eta konpromisoa izango dutela jakinarazi nahi diegu", esan du Baga Bogak.
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.