Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Egia
2009ko urtarrilak 7, Asteazkena

;2008-06-04;Ines Goikoetxeak bosgarren liburua argitaratu du. Egiako idazleak 'Hesi gabeko soroak' poesia liburua aurkeztu du.

Ines Goikoetxeak bosgarren liburua argitaratu du

Argitalpena

Egiako idazleak 'Hesi gabeko soroak' poesia liburua aurkeztu du.

nerea lizarralde

Liburuaren tituluak iradokitzen duen bezala, hesirik gabe idatzitako poesia egin du Ines Goikoetxeak (Donostia, 1939). Paisaia eta zelaien zabaltasuna kontenplatuz eta naturan murgilduta idazten baititu olerkiak idazle egiatarrak.

Araitz, inspirazio iturria

Naturan zuzenean sortzen du poesia, ondoren, etxera joan eta idatzitako zirriborroak zuzendu egiten ditu. «Norbaitek behin asmatutako poesia egiten nuela esan zidan baina hori ez da nire kasua. Nire olerki guztiek dute data bat, leku bat eta pertsona bat», dio Goikoetxeak. Araitz da bere inspirazio iturria: «Leku isila eta magikoa da. Naturaz inguratuta sentitzen naiz eta oso leku aproposa da idazteko. Bizipen eta oroitzapen asko ditut Aralarreko bailara hartan».

Hesi gabeko soroak natura eta sentimenduei buruzko olerkia liburua dela azaldu du: «Poesia eta natura bete-betean. Sentimenduak ez daude oso agerian baina, jakina, naturaren barruan pertsonak eta sentimenduak ere badira. Nire olerkietan ez da pertsonen izenik ageri baina hor daude».

Bosgarren poesia liburua du Ines Goikoetxeak. 2000. urtetik aurrera hasi zen poesia lehiaketetara aurkezten eta sariek aukera eman zioten idatzitakoa argitaratzeko: «Poesia asko eta asko dago kajoietan. Nik lan handia egin dut eta zortea izan dut».

Poesiazalea eta euskaltzalea

«Euskaraz ateratzen zait idaztea. Euskaraz idaztea euskarari bultzada ematea da gainera», dio Goikoetxeak. Poesia, jakina, izugarri maite du: «Momentu zehatz bat nola bizitzen dudan islatzen dute nire olerkiek. Ez dut uste inoiz narratiba egingo dudanik, luzeegia da niretzat. Kontakizun labur bat egin nuen duela gutxi eta hori bai, gustatu zitzaidan, agian kontakizun laburren bilduma bat egiten ausartuko nintzateke».

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.