
Bizikletak hiriarekin duen harremana aztertzen duen erakusketa eta garraiobide honen antzinako modeloak ikusgai daude Cristina Enean.
Bi gurpilen gainean egindako bide luzea
maitane aldanondo
Leonardo Da Vinci izan zen XV. mendearen amaieran bizikletaren lehen zirriborroa egin zuena, baina lau mende joan ziren berak amestutako makinarian eta engranajeetan oinarritutako bizikletan norbait ibili zen arte. Garraiobide honek itxuraz sinplea dirudi, nahiz eta egun mota eta ezaugarri anitzekoa dauden, baina egoera honetara heldu aurretik egindako frogak ugariak izan ziren.
1860tik 1940. urtea arte egindako 20 bat modelo ikusgai daude Antzinako bizikletak erakusketan irailaren 3a arte Cristina Enean. Bi areto zabaletan kokatuta daude beraien urtea, marka, jatorria eta berezitasunak biltzen dituen afitxa ondoan dutela.
Denak dira bereziak
Lehen begi-kolpean batzuen gurpilen forma edota tamaina da deigarriena. Baina gerturatzean eta arreta jartzean beste ezaugarri batzuk gailentzen zaizkie. Batzuk paseorako erabiltzen ziren eta beste batzuk gauzak garraiatzeko baina denek dute zerbait aipagarria. Filmeetan edo Tourrean izandakoak, militarrek erabilitako bizikleta tolestagarriak... Bitxikeriak ere badira. Sidekarra eta haurrak eramateko zumezko saskia duen Ravat markako paseorako bizikleta esaterako.
Asko ikusteko ederrak badira ere, beraietan ibiltzeak lan nekeza izan beharko lukeela ondoriozta daiteke. Adibide gisa, 1870an Frantzian metalezko gurpilak eta zurezko erradioak zituen burdin hutsez egindako bizikleta. Beste batzuetan, asmatzaileek asmatu arren erabiltzaileek bizkarra eman eta ez dute beren asmoa gauzatzea lortzen. 1900ean Clement etxe frantsesak propultsio mekanismoa zuen bizikleta egin zuen, baina kostu altuegia zuenez, kateetara itzuli ziren.
Hiria eta bizikleta
Eskaileretan behera egin eta sarrerara itzultzean, zoruan margotutako bizikleta bidea jarraituz beherko solairura heltzen gara. Bertan, Bizikletaren joan-etorria Donostian aztertzen da hainbat informazio paneletan. Hirian egin diren aldaketak eta etorkizunari begira egin diren proposamenei buruz irakur daiteke. Besteak beste, Europako 12 lurraldeetan barrena edota Gipuzkoako trenbide zaharrak erabiliz egin nahi diren bizikleta bideei buruz.
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.